Arrautzetatik atera orduko itsas dortokek euren abentura ozeanikoa hasten dute. Heldutasuna lortu bezain laster, sorlekura errutera itzultzen dira milaka kilometrotan nabigatuz. Mexikoko Ozeano Barean topatu ditugu.
Dortokek eboluzioa duela 200 milioi urte hasi zuten, dinosauruak munduaren jabe egin aurretik eta hauek desagertu arren, dortokek beraien bidea jarraitzen dute, poliki baina segurtasunez. Hauek sugandila, suge eta krokodiloekin batera narrastien taldea osatzen dute.Narrastien artean lotsatiena dugu dortoka eta bere burua ezkutupean gordetzen du. Hamaika harrapakaritatik babestu izan du ezkutatzeak, gaur egunera arte arrakasta ebolutiboa ziurtatuz. Itsas dortokak oinak bereziki moldatu ditu igerian egiteko, aleta deiturikoak garatu ditu. Birika bidez arnasten dute, beraz, noizean behin ur azalera atera behar izaten dute arnasa hartzera, hainbat itsas ugaztunek egin ohi duen bezala.
Itsas dortokak narrastiak diren heinean, arazoak izaten dituzte barne beroa mantentzeko eta nahiago izaten dute ur epel eta tropikaletan ibiltzea. Hala ere, euren migrazio luzeetan zehar gureganaino iristen zaizkigu. Bizkaiko golkoan itsas dortoken espezie batzuk aurki daitezke. Ale helduak karniboroak dira, nagusiki marmokak, krustazeoak, belakiak, molusku tunikatuak... jaten dituzte. Dena den, gazte fasean herbiboroak ere izan daitezke algak janez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario